2014(e)ko irailaren 30(a), asteartea

DSS2016EUren udazkeneko AuzoLabak abiatzeko prest

Gaur arratsaldean, Donostia 2016ren egoitzan, ekingo zaie urrian eta azaroan Amarabai eta Berreibarrekin garatuko diren bi AuzoLabei. Bi elkarte horiek joan den uztailean aukeratu zituzten, AuzoLaben metodologiarekin proiektu bat garatzeko egindako deialdi irekian.
AuzoLab deiturikoa Donostia, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren metodologia-lerroa da. AuzoLabetan hibridazio-prozesuak garatzen dira eta bertan, herritarrek hartzen dute parte “desberdinak” deitzen zaien profil “gertagaitzeko” profesionalekin batera. Profesional horien zereginak dira taldeari aniztasuna eskaintzea, saioak eta prozesuak dinamizatzea eta emaitza bat sor dadin sustatzea.Eta hori guztia, c2+i/Conexiones improbables-en euskarri metodologikoarekin eta jarraipenarekin.
Amarabai Amarako Auzo Elkarteak auzoko gai kultural eta sozialak dinamizatzea du helburu, eta Amarako interes kolektiboak zainduko dituen tresna ere izan nahi du. Donostia 2016rekin batera garatuko den prozesuak, auzoaren inguruan, kultur dinamika birdefinitu eta garatzeko balioko du. Proiektuko “desberdina” Mikel Morlas izango da.
Bestalde, Berreibar kolektiboak proposatu eta DSS2016EUri eskatutako AuzoLabean, Eibarko taldeak egindako proposamenak landuko dira. Kolektibo eibartarrak erabiltzaile, jabe eta administrazioak osatutako komunitatea sortu nahi du, erabilerarik gabeko industria-guneak birmoldatu eta hiriko gune degradatuak pixkanaka birsortzeko.
AuzoLabean landuko den erronka, alde batetik, komunitate hori sortzea zaildu duten arrazoien analisia izango da, eta bestetik, etorkizunera begira, inplikatutako agenteen arteko erlazioak birpentsatzea. Maraka kolektiboak osatuko du profil “gertagaitza”.

Iturria: Donostia Gaur

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina