2014(e)ko otsailaren 12(a), asteazkena

DPOSTONTZIA, HERRITARREN POSTONTZI GAILU MUGIKORRETAN


Donostiako Udalak garatutako lehen aplikazio mugikorra aurkeztu Udal Gobernuak: Dpostontzia. Axier Jaka Partaidetza zinegotziak azaldu du aplikazioaren helburua: “Herritarrei zerbitzua ematea da xedea, Herritarren Postontzia erabiltzeko balio baitu”.
Administrazio Elektronikoan aurrerapauso teknologiko handia dela nabarmendu du Jakak: “Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek herritarrekin harremana izateko modu berriak eskaintzen dizkigute, baita komunikazio eta parte hartze eredu berriak ere, eta horiek lehentasuna dira Udal Gobernuarentzat”.
Horregatik, ez da kasualitatea aplikazioarekin Herritarren Postontzia indartu nahi izatea. Herritarrek euren intzidentziak, abisuak, kontsultak, eskerrak eta kexak komunikatu ahal izango dituzte, errazago.

Gailu mugikorren erabilera, gora

Udalaren datuen arabera, gaur egun, jasotzen dituzten komunikazioen %82 Internet bidez iristen dira, eta %18 bakarrik izaten dira aurrez aurrekoak edo telefono bidezkoak.
Gailu mugikorrei dagokienez, honakoak dira datuak:
  • 343.350 bisita sakelakoetatik (%12,3).
  • 164.192 tablet edo iPad-etatik (%5,9).
  • Guztira, 507.542 bisita gailu mugikorretatik (%18,2).

Erantzuna jasotzeko

Udal Gobernuaren helburua ez da herritarren komunikazioak jasotzea bakarrik, Nora Galparsoro Azpiegitura eta Zerbitzu zinegotziak jakinarazi duenez: “Helburua komunikazio horiei konponbidea ematea da, eta ahalik eta azkarren erantzuten saiatzea”.
Herritarren Postontzian urtero 10.000 eta 13.000 komunikazio artean jasotzen dituzte, eta gehienetan abisuak, iradokizunak eta intzidentziak izan ohi dira. Komunikazio horietatik %23 izan ohi dira Intzidentziak eta Abisuak, eta ia erdia bide publikoari buruzkoak izan ohi dira.
Aplikazio berria horiek guztiak erantzuteko espresuki diseinatuta dago.

Aplikazioaren funtzionalitateak

Lanean hasi aurretik egindako merkatu ikerketaren ondoren, Udal Gobernuak erreminta estandar bat ez erostea erabaki du, eta aplikazio propio bat garatzea. Izan ere, barne kudeaketarako erremintekin guztiz integratuta den aplikazioa zabaltzea da asmoa. Garapenerako Foru Aldundiaren laguntza bat jaso du Udalak (3.600 euro, %30).
Aplikazioa garatzerako orduan, bi ezaugarri izan dituzte kontuan, bereziki: erraza eta irisgarria izatea, ezagutza teknikorik ez duen edozein pertsonarentzat, baita intuitiboa ere.
  • Doakoa da eta iPhone edo Android teknologia darabilten edozein gailu mugikorretatik deskarga daiteke, baita Donostia.org webgunetik ere.
  • Intzidentziak argazkiekin bidal daitezke, baita geolokalizatu ere.
  • Geolokalizazioa oso garrantzitsua da, intzidentziaren erantzuna errazten baitu: aukera ematen du azkarrago eta zuzenago erantzuteko.
  • Aplikazioan komunikazioen jarraipena egin daiteke, eta erabiltzaileei erantzunak iritsiko zaizkie.
Hurrengo bideoa azalduta dago nola jaitsi eta erabil daitekeen Dpostontzia.


Iturria: Donostia Gaur

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina