2015(e)ko maiatzaren 15(a), ostirala

UDALAK 700M2 ESTALIKO DITU EASO PLAZAN


Auzotarrek egindako eskaeran du jatorria erabakiak, ez baitaukate egun euritsuetan jolasteko zein elkartzeko eremu estalirik. Udalak hiru proposamen aurkeztu ditu, eta horietatik bat aukeratu beharko dute auzotarrek, konbinatzeko aukerarekin. Eraikuntza-proiektua aurten landuko da, eta 2016an gauzatuko dira lanak. Plazako zati bat altxatu egingo da, dena maila berean gera dadin
Donostiako Udalak Easo plazan estalpe bat eraikitzeko asmoa du, auzotarrek gune estali baten beharra zutela eta egindako eskaerari erantzuteko. Estalpeak 700 m2 hartuko ditu, 20,60 m x 34 m-ko azalera izango du, eta topoaren geltokitik gertuen dagoen eremuan kokatuko da. Eremu horren xedea neska-mutilek jolasteko leku bat izatea da, azokak eta festak kokatzea, egonleku izatea, bai eta filmak proiektatzea ere. Plazako eremu hori altxatu egingo dute, guztia maila berean gera dadin; horrela, utzi egingo dio beherago egoteari.
Udalak hiru proposamen landu ditu, eta hiru horietatik bat aukeratu beharko dute auzotarrek, hauek konbinatzeko aukerarekin. Hasiera batean, estalperako hiru neurri proposatu zizkien Udalak, eta neurri horietatik zabalena hautatu dute. Eraikuntza-proiektua aurten bertan egongo da prest, eta 2016an gauzatuko dira lanak.
Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek hauxe adierazi du: «Gobernuak erantzuna eman nahi die guneak estaltzeko eskaerei; konpromiso sendoa du eginkizun horretan. Gobernua ematen ari den erantzunaren adibide txukunak ditugu, besteak beste, Arrobitxuloko parkean, Easo plazan eta Trinitate plazan bultzatu ditugun ekimenak. Eta, horiez gain, beste proposamen batzuk ere luzatuko ditugu hiriko beste eremu batzuetan».
Ezaugarri orokorrak
Hiru proposamenek erdialdean zutaberik izango ez duen estalki bat aurreikusten dute; haietako bakoitzak zortzi zutabe izango ditu guztira: laukizuzenaren alderik luzeenetako bakoitzean, lau. Zur ijeztukoak izango dira habeak eta argia izango dute. Estalita geratuko den guneak 6,85 metro izango ditu habe nagusietaraino, eta habe horiek metro inguruko ertza izango dute; beraz, estalkira arteko altuera 7,85 metrokoa izango da, eta eraikinak 8,30 metro izango ditu erlaitzeraino.
Gune hori, beharra dagoenean, itxi egin ahalko da, Screen izeneko mekanismo arin batzuei esker: zutabeen goialdetik behera luzatu, eta lurrean finkatuko dira.
Ekitaldiak antolatzen diren egunetan ibilgailuak eremuan sartu ahal izateko, ez da inolako oztoporik izango 4 metroko altueratik behera.


Hiru proposamen

Abiapuntu horretan oinarrituta, hiru aukera osatu dira: haietako bi diseinuagatik bereizten dira, eta hirugarrena koloreagatik.
Lehen aukerak itxura itxiagoa du beste biek baino. Zati bat irekia izango du, 4,50 metro luze, eta, hortik aurrera, erdiopakua izango da. Goialdean, kristalezko edo polikarbonato zelularrezko itxitura bertikala izango du, eta zurezko elementu bat izango du kanpoaldean. Horrela, eremuan itzala izango dela bermatu nahi da, eta, era berean, kanpoaldetik begiratuta zurezko egituraren itxura izango duela, eta ez beirazko itxiturek ohi duten irudi teknologiko zurruna. Bigarren aukerak estalki irekiagoa proposatzen du; zati opakua 6,85 metroko altueran hasiko da hor. Hirugarren proposamena bigarrenaren bertsua da, baina beste kolore batekoa.
Aukeretan lehenak, itxitura 4,50 metroetan hasten duenak, abantaila bat dauka: beharra dagoen kasuetan, alboak ixteko aukera ematen du. Desabantailarik ere badu: ikusizko inpaktua handiagoa izango litzateke, bigarren eta hirugarren aukeretan baino.

HIRU PROPOSAMENAK: 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina