Iritsi da 2016a! Donostian Europako Kultur Hiriburu gara. Ohorea ote gurea?
DSS2016.EU egitasmoari bertuteak ikusten dizkiogu, baina urtebete
iraungo duen festa erraldoi honek kezka batzuk ere sortzen dizkigu
Donostiako Piratoi.
Batetik, ez dira gutxi egitarau ofizialaren baitan ekimen eta
ekitaldi erakargarriak, beren esparruetan ekarpenak egingo dituztenak
ziur. Ekimen asko Donostiako Piratok sustatzen ditugun balioekin bat
datozela ikusten dugu. Badakigu non eta zein garaitan bizi garen, eta
zorte ona opa diegu kultur eragile guztiei!
Bestalde, kultura gizarteko beste gatazka-gune bat dela argi izan
behar dugu. Hiriburutzak jakin du alternatibo izan daitezkeen zenbait
proiektu barnean biltzen, baina kultura eredu ezberdinen arteko
elkarbizitza arauak boterea duenak jartzen ditu. Hori agerian geratu da
Kortxoenea Gaztetxearen eraisketarekin.
Gure ustez nabarmena da DSS2016.EU egitasmoa ez dela Donostiako
kultur eragileon ekimenez sortutako proiektua; goitik behera datorren
eskema bati erantzuten dio, eta guzti honen atzean, kulturak
zenbaterainoko garrantzia duen zalantzagarria zaigu. Nabarmen turismoa
bultzatzeko erabiltzeaz gain, hiria berezi egiten duen kultura, edo
kultura jakin bat, atzerriko kapitala ekartzeko elementu bilakatu dute.
Kultura, gainera, hirietan eraldaketa urbanistiko handiak egiteko
aitzakia gisa erabiltzen dela ikusten dugu. Izan ere,
nor dago kulturaren aurka? Nor slogan gisa hautatu duten
elkarbizitzaren kontra? Gu ez behintzat, kontua baina, ez da hain
xinplea…
Gutxi batzuen diru goseari batuko zaie kultura (eta Europa) ulertzeko
ikuspegi bat nabarmenduko dela 2016an. Kezkatzen gaitu espazio
publikoaren pribatizazioak, hor interes publikoa baino, irabazia
bihurtzen baita faktore erabakigarri. Hiria garestitzen ari da, eta
geroz eta zailagoa da bertan bizitzea.Gazteak periferiara joaten ari
dira bizitzera eta gentrifikazioa deitzen zaio honi.
Gauzak horrela, jaien esparrutik, Donostiako herri kultura
ikustarazten eta bultzatzen jarraituko dugu. Auzolana, autogestioa eta
ahalduntzea (pertsonal eta kolektiboa) bilatuz, herri kulturan sakondu
nahi dugu. Donostiako beste eragileekin harremanak sendotzeko une polita
dela uste dugu eta. 2016an hiri mailan kulturari buruz gogoeta egiteko
balio badigu, bikain.
Horregatik donostiar eta kolektibo guztiak gonbidatzen ditugu
urtarrilaren 23an elkarrekin herri kulturen alde egingo dugun
brindisera. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Bulebarrean bertan. Eman
diezaiogun guk ere ongietorria lanean eta gozatzen jarraitzeko erabiliko
dugun urte honi!
Izan ere, gure ekintzek zentzua hartzen duten testuingurua da kultura. Eta gure hautua: kultura herrikoia.
Markel Zabala, Maider Iturbe eta Lander Arbelaitz, Donostiako Piraten izenean
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina