Hasieratik erabaki zuten kaldereroen kantak soilik euskaraz
kantatzea, eta horrela egin dute 2003. urteaz geroztik. “Urte asko dira
haurrek eskoletan euskarazko hitzak ikasi zituztenetik. Zergatik haurrek
euskaraz eta helduok gaztelaniaz? Guk ere euskaraz abestu behar
genituela erabaki genuen, eta orduz geroztik ez dugu gaztelaniaz
kantatu”, azaldu dio Iñaki Goñi Amarako kaldereroetako kideak Irutxuloko Hitzari.
Amaran jada entseatzen aritu dira, ostiralean dute azken entsegua,
frontoian. Larunbat arratsaldean ehun bat lagun inguru aterako dira
auzoko kaleetan zehar zartagin eta mailuak eskuan. Iaz bezala, Morlansko
hainbat auzotarrek ere bat egingo dute Amarako kaldereroekin, eta
elkarrekin aterako dira Amaran. Hurrengo urtean, beharbada, Amarako
kaldereroak Morlanstik abiatuko direla esan du Goñik.
Aurten ohiko ibilbideari eutsiko diote. Larunbatean San Roke plazatik
irtengo dira 18:30ean. Handik Arroka plazara abiatuko dira, ondoren
Easo kaletik joan eta Errege-erregina katolikoen kalera iristeko. Han
askari txiki bat egingo dute indarrak hartzeko. Handik berriz Easo
plazarantz joango dira, Moraza, Urbieta eta Pedro Egañatik pasa ondoren.
Goñik azpimarratu du Amarako kaldereroak auzolanean egiten direla,
eta auzotarren esfortzuari esker lortzen dutela auzoko kaldereroen
taldea mantentzea. Udalaren diru laguntza urtez urte txikitzen doala
salatu du, eta jaiak finantzatzeko zailtasunak
dituztela: “San Martin egunean postua jarri ohi dugu, eta zozketak ere
egin behar izaten ditugu dirua lortzeko. azken bost urtean asko asko
jaitsi da”.
Iturria: Irutxuloko hitza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina