2016(e)ko abenduaren 7(a), asteazkena

ARROKA KALEKO FRONTOIA, DESAGERTZEKO ARRISKUAN

Amarako Arroka kaleko frontoia. (Argazkia: El Fronton Vasco

)
San Bartolome hirigintza plana aurrera doa, eta Amaraazkar aldatzen ari da. Hainbat eraikin bota dira etxe berriak egiteko eta orain, Arroka kaleko frontoia ere desagertzeko arriskuan dagoela adierazi du Amara Bai auzo elkarteak.
Frontoia botatzea ez zegoen aurreikusita hirigintza planean, baina elkarteko Harkaitz Aranburu kideak azaldu du irailean aldaketa batzuk egin zituztela, eta udalak frontoia botatzeko asmoa duela: “Hirigintza plana orain hasi da forma hartzen, eta badirudi orain frontoia ‘soberan’ dagoela. Udalak plana aldatu zuen eta guk ez dugu informaziorik jaso. Promotorak dio ez dagoela aurreikusita frontoia botatzea, baina udalarekin bildu gara eta baietz esan digu”, adierazi du Aranburuk.
Informaziorik ez dutela jaso, eta bizilagunak ez dituztela kontuan izan azaldu du Aranburuk: “Adarra jo digute, lotsagarria da”. Joan den astean gaia aztertu zuten auzo elkartean, asanblada informatibo batean, eta frontoiaren aferaren jarraipena egiteko talde bat sartuko dutela esan du Aranburuk.
Auzoan espazio publiko gutxi dagoela, eta Donostian frontoi gutxi dagoela azpimarratu du Aranburuk. Horregatik Amara Bai auzo elkarteak gune publikoak defendatzeko hautua egin duela adierazi du. Asteazkenean, 19:30ean, berriz bilduko dira bizilagunak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina