2014(e)ko urriaren 16(a), osteguna

Osasunarekin loturiko jardueren mapa birtual bat osatu du Udalak

Udalak osasunarekin loturiko jardueren mapa bat egin du herritarrek alor honetan dauden baliabideak ezagutu ditzaten. Tresna birtual honen bidez osasun sustapenaren inguruan udalerrian dauden erakunde edo elkarte guztien argazki bat izango dute eskura donostiarrek. Guztira 135 erakunde eta elkarte zehaztu dira, 11 jarduera ezberdinetan sailkatuta: jarduera fisikoa (52), sozializazioa (48), trebakuntza (40), berdintasuna (30), prestakuntza (29), gaixoentzako baliabideak (27), elikadura (7), afektibo sexuala (6), mendekotasunak (4), istripu prebentzioa (3) eta ingurumena (3). Zerrendan, beraz, alor ezberdinetan lan egiten duten eragileak daude, izan publiko zein pribatuak.
osasun
Gaurtik aurrera martxan dagoen web atariaren helbidea hau da: www.donostia.eus/osasunmapa. Bertan bitarteko bakoitza dago kokatuta, kolore ezberdineko ikonoetan jarduera motak zehazten direlarik; zentzu horretan, ikono bakoitzean klikatuz, hautatutako jardueren arloan dauden elkarte edo erakundeei buruzko informazioa agertuko zaigu, eta elkarte edo elkartearen izenaren gainean sakatuz gero, haren webgunera eramango gaitu, han intereseko informazio guztia aurkituko dugularik. Mapa osatzen joango da, izan ere, hemendik aurrera osasunaren sustapenaren alorrean ari den edozein erakunde edo elkartek eman dezake izena.
Osasunaren sustapena
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak mapa honen garrantzia nabarmendu du: “Donostiarrek, mapa honen bidez, oso modu erraz eta argian ezagutu ahal izango dituzte eskura dauzkagun bitartekoak, beti ere, euren osasunaz ikuspuntu ezberdinetatik arduratzeko, azken batean tresna honen helburua da donostiarrek euren osasuna hobetzeko bitartekoak ezagutzea eta eskura izatea, osasuntsuago egoteko”. Tresna hau hainbat eta hainbat eragileren laguntzarekin egin dela zehaztu du zinegotziak: “Eragile asko eta asko oso pozik agertu dira ideiarekin eta tresna honen beharra eta garrantzia azpimarratu digute; osasunaren alorrean lan egiten duten pertsonek ere oso tresna interesantea dela azpimarratu dute”.
Osasunaren sustapena mundu mailan gero eta garrantzi gehiago duen kontzeptua dela zehaztu du Jakak: “Osasunaren sustapenaren helburua da norbanakoen eta gizartearen osasun globala hobetzeko prozesuak abiaraztea, herritarrak informazioa lortzeko bidea emanez, pertsonek euren osasunean eragina duten erabaki eta ekintzetan eragiteko, gaitasunak garatzeko, jarrerak aldatzeko eta trebetasunak errazteko”.

Iturria: Donostia Gaur

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina