Amaitutzat eman dute Auzo eta Herriak Donostia Indartzen partehartze prozesu zabalaren lehen fasea. 2012ko prozesuan hartutako konpromisoak zertan diren eta zenbateraino bete diren azaldu die Udal Gobernuak herritarrei. Axier Jaka Partaidetza zinegotziak fase honen oso balorazio positiboa egin du: “Guretzat garrantzitsuena herritarrekin lan egitea da. Haiekin hartutako konpromisoak nola bete ditugun azaldu diegu, eta beren kezkak entzun.”
Alkatea buru, Udal Gobernu osoa izan da Donostiako auzo eta herri
guztietara zabaldu den batzar sortan: Añorgan, Martuteten, Txominen,
Altzan, Amara Berrin, Bidebietan, Loiolako Erriberetan, Antiguo-Ibaetan,
Egian, Gros-Ulian, Intxaurrondon eta Amara-Morlansen. Guztira 15 batzar egin dituzte, eta 550 herritarrek hartu dute parte, horietatik %46,5 emakumezkoak eta % 53,5 gizonezkoak.
Auzo Elkarteak, gustora
Amaia Agirreolea Udalaren Partaidetza zuzendariak
adierazi duenez, batzarretara azaldu diren herritarrek batzarren
balorazio orriak bete dituzte: “1etik 5erako eskala batean,
honela baloratu dituzte batzarrak: emandako informazioaren kalitatea, 3
puntu; dinamizazioa, 4 eta, bizitako giroa, 4”.
Auzo elkarteak ere oso baikor agertu dira lehen faseak emandakoarekin eta Udal Gobernuko ordezkariek beren jardunaren kontu ematea eta informatzea eskertu dute. Beste auzo elkarteen egoera, eskariak eta lanerako modua ezagutzea ere oso aberasgarri jo dute Irati Galatas eta Alex Berganzos,
hurrenez hurren, Añorgako eta Morlanseko auzo elkarteetako kideek.
Galatasek adierazi du auzo elkartearentzat baliogarria izan dela auzoan ezagutzera eman eta erreferentzia izateko, “auzotarren eta Udalaren arteko lotura hori bermatzeko”. Berganzosek, bestalde, auzo elkarteek foro iraunkor bat osatu eta elkarlanari ekiteko dei egin du.
2. fasean, Auzo Elkarteak protagonista
Auzo Elkarteek izango dute gidaritza bigarren fasean herritarrekin egingo dituzten batzarretan, Udal teknikarien laguntzaz. Txanda honetarako, hainbat helburu zehaztu dituzte. Axier Jakak azaldu duenez, “auzo eta herrietako errealitatea bertatik bertara konpartitzea da garrantzitsuena, auzoko gabeziak eta beharrak identifikatzea eta, azkenik, proposamenak adostu eta lehentasunak ezartzea”.
Partaidetza zinegotziaren hitzetan, “auzo eta herrietan, politika egiteko eredu berri bat sistematizatu nahi du gobernuak, Auzo Elkarteen laguntzaz, Udala eta herritarren arteko elkarlan espazioak iraunkortuz”. Herritarrengan interes kolektibo eta orokorrarekiko konpromisoa sustatzea da prozesu honen beste gakoetako bat.
Bost eremuren gainean ariko dira datozen batzarretan
- Kultura, euskara eta kirola
- Hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna
- Garapen ekonomikoa
- Gizarte ongizatea eta Herri babesa
- Zeharkako gaiak: generoa, herri partaidetza, gazteria, adinekoak, migrazioa.
Honako galderei erantzungo diete herritarrek:
- Aurreko prozesutik garatu gabe dauden proposamenak oraindik baliagarriak dira?
- Gure auzoetako errealitatea aldatu egin da zerbaitetan?
- Proposamen berriak ditugu auzoan? Nondik datoz behar horiek?
- Horietatik guztietatik zeintzuk dira lehentasunezkoak?
* Udalari proposamenak aurkezteko kopuru-muga 15ekoa izango da: eremu bakoitzeko 3.
Urdinez, 1. faseko bileren kronikak; beltzez, 2. faseko bileren datak
- Añorga: apirilak 3 eta 10
- Martutene: maiatzak 14 eta 21
- Txomin-Enea: apirilak 1
- Altza: maiatzak 13 eta 20
- Amara Berri: maiatzak 19 eta 26
- Bidebieta: apirilak 2 eta 9
- Aiete: maiatzak 15 eta 27
- Loiolako Erriberak: maiatzak 15 eta 22
- Parte Zaharra: maiatzak 12 eta 29
- Loiola: maiatzak 13 eta 28
- Antigua eta Ibaeta: maiatzak 12 eta 19
- Egia: maiatzak 20 eta 27
- Gros eta Ulia: maiatzak 14 eta 26
- Intxaurrondo: maiatzak 22 eta 28
- Amara eta Morlans: maiatzak 21 eta 29
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina