Auzo elkarteetako eta udaleko ordezkariek
lanean jarraitzen dute bi aldetako komunikazioa eta harremana sustatzeko.
Azken bileraren ondoren, auzo elkarteek ekimen positiboa dela
nabarmendu dute berriro, bilgune hori udalarekin harremana sendotzeko
gune garrantzitsu gisa ikusten baitute.
Astelehenean egin zuten azken bilera, abenduaren 9an. Bertan izan ziren bi aldeetako ordezkariak.
Auzo elkarte hauetako ordezkariak izan ziren bileran:
- Aieteko Lantxabe.
- Morlanseko Morlanstarrak.
- Altzako Elkartasuna eta Herripe.
- Amarako Amarabai.
- Amara Berriko Amara Osinaga.
- Antiguako Ondartegi.
- Groseko Ondarpe.
- Txomin-Eneako Lan Berri.
- Loiolako Urumea Ibaia.
- Martuteneko Sarroeta.
- Parte Zaharreko Parte Zaharrean Bizi.
- Zubietako Herri Batzarra.
Udaletik, berriz, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea; Axier Jaka
Informazio, Partaidetza eta Ingurumen zinegotzia, eta Jon Albizu
Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Mugikortasun zinegotzia bertaratu
ziren. Horrez gain, Partaidetza eta Mugikortasun ataleko teknikariek ere
parte hartu zuten bileran.
Hainbat gai landu zituzten. Batetik,
peatonalizazio arinen proiektua. Mugikortasun Sailak proiektua aurkeztu zuen, eta bere garapenerako zein partaidetza prozesu aurreikusten den jakinarazi.
Bestetik,
diru laguntzen informazio praktikoaz
jardun ziren. 2014ko deialdi berriaren daten, ikastaroen… eta elkarteei
zuzendutako beste trebakuntzen berri eman zieten elkarteetako
ordezkariei.
Horrez gain,
auzo elkarteek Hiriko Gizarte Kontseiluan izan beharrezko ordezkaritzaz aritu ziren. Eta Donostiako Auzo Elkarteen Bilgunearen bileren
gai ordenak sortzeko eredua ere izan zuten mintzagai.
Peatonalizazio arinak
Peatonalizazio arinen proiektuaren aurkezpenean, Jon Albizu
Zinegotziak orain arte sortu diren oinezkoen gune desberdinak onura asko
ekarri dituztela nabarmendu zuen. Aurrera begira, Udalak horretan
sakontzeko apustua egiten duela aipatu zuen, baina peatonalizazio arinen
bidez, hau da,
obra handiegirik eskatzen ez duten moldaketak
eginez eta, era berean, oinezkoentzako espazioak berreskuratzeko balio
duten guneak sortuz. Hau egiteko, auzotarren ekarpen eta
proposamenak ezinbestekoak direla adierazi zuen, eta prozesu honetan
auzo elkarteen papera garrantzitsua dela gogorarazi.
Abenduaren bukaeran,
S. Frantzisko kalean peatonalizazio arin bat ezarriko da, froga pilotu moduan. Horrela, auzotarrek eta beste guneetako elkarte eta herritarrek zuzenean ezagutu ahal izango dute eredu hori.
2014ari begira
Bilkuran 2014 urtean elkarteei zuzendutako
diru laguntza eta trebakuntzak
ere aztertu zituzten: 2013ko diru laguntzak zuritzeko epea irekia dago,
eta 2014ko diru laguntzen oinarriak, urtarrilaren erdi aldera
boletinean argitaratuko direla aurreikusten da.
2013an egin den moduan, 2014 urteari begira ere diru laguntzen kudeaketari buruzko
trebakuntza saioak egingo dituzte. Izena emateko epea zabalik dago. Ikastaroaren ondoren,
Internet bidezko kontsultak egiteko aukera egongo da. Horrez gain,
partaidetza prozesuen gaineko ikastaroak ere errepikatuko dituzte, baina udazkenean.
Bestalde,
auzo elkarteentzat beste hainbat ikastaro ematea
ere aurreikusi dutela jakinarazi zuten: auzo elkarteek Internet bidezko
komunikazioan sakontzeko eta baliabideak sortzeko ikastaroak, eta hiri
berroneraketari buruzko saioak, esaterako.
Bilgunean azaldu zuten, bestalde, Hiriko Gizarte Kontseilua errebisio
prozesu bat garatzen ari dela, eta landu den puntuetariko bat
osaketarena izan dela: orain arte,
Hiriko Gizarte Kontseiluan auzo elkarteetako 3 ordezkari zeuden eta 5era igotzea planteatuko zaio Kontseiluaren Bilkurari. Auzo
elkarteko kideek egokia ikusten dute Kontseiluan partaidetza handitzea
eta positiboa ikusten dute egiten den planteamendua.
Bilgunean tratatu beharreko gaien kasuan, orain arte egin diren
bileretan Udalak egin du eguneko gaitegia, auzo elkarteentzat
interesgarriak izan zitezkeen gaiak proposatuta. Baina 2014 urtetik
aurrera
auzo elkarteek beraiek Bilgunearen bilkuretan landuko diren gaiak proposatu ahal izatea positiboa dela planteatzen da: horretarako aplikazio informatiko erraz bat aurkeztuko du Auzoak eta Herritarren Partaidetza Sailak.
Parte hartzeko ohitura eta kultura falta
Donostiako Auzo Elkarteen Bilguneak 2011ean hasi zuen bere ibilbidea eta 8 bilkura egin ditu jada. Hala,
Udala eta Auzo Elkarteen lan kolektiboan aritzeko espazioa egonkortzen ari da.
Auzo elkarteetako ordezkariek positiboki baloratzen dute ekimena.
Hala ere, kezkarik nagusiena jendearen parte hartzean ikusten dute.
“Ohitura eta kultura falta handia” dagoela aipatu dute, eta
bideak jarri behar direla “ereduak aldatzen joateko”.
Iturria:
Donostia Gaur