Komentuan hotel bat egokitzea aurreikusi duela jakinarazi du udal gobernuak; egitasmoa gaur aurkeztu du udaletxean.
“Albiste on batekin gatoz”. Halaxe egin die ongi etorria Juan Karlos Izagirre alkateak kazetariei, San Bartolomeko egitasmoari buruzko prentsaurrekoan. Hain zuzen ere, 22 urtez blokeatuta egon eta gero, ingurune hartan aurreikusitako hirigintza proiektuak aurrera egingo du datozen hilabeteetan. Izan ere, egitasmo zehatz bat aurkeztu dute gaur udaletxean eta, udal gobernuak nabarmendutakoaren arabera, aipatutako proiektuak bertako ondarea babestuko du. Horixe bera zen lanak egiteko zailtasun nagusia; San Bartolomen edozein obra egitea blokeatuta zuten epaitegiek, bertako harresiak, bainuetxeak eta komentuak duten babes mailagatik. Udaletxean gaur proposatu duten egitasmoak, baina, konponbideak ematen dio arazoari, hirigintza eta babesa uztartuz.
Proiektuak parke publiko bat eraikitzea aurreikusten du San Bartolome muinoan, begiratoki “zoragarri” batekin. “Gune publiko bat irabaziko du hiriak, ezezaguna dena orain arte. Postal berri bat sortuko dugu, begiratokiak Donostiaren ikuspegi berri bat emango baitu”, azaldu du alkateak. “Donostiaren ikono berri bat izango da”, erantsi du Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek.
Burutaranek berak esplikatu ditu proiektuaren gainontzeko oinarriak. Horien artean, komentuan hotel bat eraikitzea aurreikusi dute, «eraikinaren babes maila errespetatuz». Komentuaren atzealdean oinezkoentzako gune bat egingo dute, plaza gisa, eta bertatik igo ahalko dute herritarrek begiratokira. «Igogailu handi bat aurreikusita dugu, irisgarritasuna errazteko”, aipatu du.
Era berea, Zerutxo etxea eraitsiko dute, San Bartolomeko harresia bistan gera dadin.
Plan Orokorra aldatu beharko dute lan hauek aguztiak egiteko, eta, horretarako, udal talde guztiekin hitz egingo dutela aurreratu dute udal gobernuko kideek.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina