Udalak lantalde bat osatu du gaur goizean, telekomunikazio-sareei
dagozkien instalazio erradioelektrikoak erregulatzeko ordenantza berria
presta dezan. Talde politiko guztietako ordezkariz osatuta egongo da,
eta indarrean dagoen ordenantza eguneratu beharko du, zaharkitua geratu
baita. Egungo ordenantza 1999 urtekoa da eta estatuko Telekomunikazioen
11/1998 Lege Orokorrean oinarritzen da. Lege honek zentimetro koadroko
450 mikrowatt igortzea ahalbidetzen du, baina Europak zentimetro
koadroko igorpen-mailak 0,1 mikrowattetik beherakoak izatea gomendatzen
du.
Axier Jaka Ingurumeneko zinegotziak adierazi du gai honetan alderdi
guztiak ados egotea garrantzitsua dela, telefonia mugikorreko antenen
igorpenek gero eta kezka handiagoak sortzen dituztelako gizartean. Ildo
horretatik, azaldu du joan den otsailean udal talde guztiek Europako
Kontseiluaren Parlamentu Batzarraren 1815 ebazpenarekin bat egiteko
adierazpen instituzionala onartu zutela aho batez: “Ebazpen horren
arabera, arreta-printzipioa aplikatu behar dugu, ALARA printzipio moduan
ezagutzen dena, As Low As Reasonably Achievable, hau da, lor daitekeen
zentzuzko baliorik txikiena, eta hori egin nahi dugu ordenantza berria
idaztean, prekauzio irizpideak ezarri, alegia».
Jakak azaldu duenez, orain arte egindako lanari jarraituz, gaur
arratsaldean hiriko mapa erradioelektrikoari buruzko azterlana
aurkeztuko dute publikoki. Agiri horren arabera, igorpen
elektromagnetikoen mailek indarrean dagoen estatuko legedia betetzen
duten arren, Europako Kontseiluak gomendatutakoak gainditzen dituzte
nabarmen: “Arlo honetan egindako lehen azterketa da, eta araudia
eguneratzeko abiapuntua izango da, eta, horrenbestez, osasun publikoaren
alorrean prebentzio irizpideak errespetatzeko».
Neurketak ekainaren 4an, 5ean eta 6an egin zituzten, toki publikoetan
gehien bat. Hirian orotara telefonia mugikorreko 146 antena
identifikatu dira, eta neurtutako mailek indarrean dagoen estatuko
legedia betetzen dutela hauteman da. Hala ere, askok Europako gomendio
aurreratuenak gainditzen dituzte, toki batzuetan nabarmen. Neurtutako
balioen artean 0,01 eta 2 microwatio o gehiago arteko potentzia
dentsitateak jaso dira.
Arreta berezia eskola eta ospitalei
Azterlanaz arduratu den Raul de la Rosa lan prebentzioan adituak esan
du antenen kontzentrazio handienak hirigunean eta Grosen daudela:
«Arreta berezia jarri diegu kezkagarriagoak iruditzen zaizkigun
inguruei, adibidez, ikastetxeei, haurtzaindegiei, ospitaleei edo
egoitzei eta hiriguneko parkeei edota jolaslekuei, erradiazioaren
aurrean ahulagoak diren herritarrak, umeak kasu, horietan biltzen
baitira. Gehienak lurzoruan egin diren arren, neurketa batzuk
antenetatik gertuago egin dira, igorpenen magnitudea handiagoa baita,
batez ere, antenaren eta neurketa-puntuaren artean oztoporik ez badago».
Azkenik, Raul de la Rosak gogorarazi du herrialde industrializatuetako
herritarren % 5 inguru elektrohipersentikorrak direla.
Axier Jakak azaldu duenez, azterlaneko datuek argazki esanguratsu bat
eman duten arren, garrantzitsuena lanean jarraitzea da ordenantza
berria ahalik eta azkarren prestatzeko: “Udalak pauso irmoak eman nahi
ditu udalerrian sortzen diren frekuentzia altuko eremu
elektromagnetikoak kontrolatzeko, eta, besteren artean, arlo honetan
egun udalaren lizentziarik ez duten antenak erregulatuko ditugu”.
Ikerketa Udalak eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioak
ematen dituen lizentzien datu-baseetan oinarriturik egin da. Gauzak
horrela, udal lizentziarik ez duten zenbait antena daudela jakin da, eta
orain, datuak alderatuko dituzte antena horiek identifikatzeko eta
erregulatzeko
Iturria: Donostia Gaur
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina