San Sebastian egunaren ondoren hasiko dira lanak egiten
eta apirilerako bukatzea espero dute. 150.000 euroko aurrekontua zehaztu
dute.
Kilometro bateko luzera izango du Easoko tren geltokiaren eta
Anoetako estadiotik gertu dagoen Aita Donostia plazaren arteko
ibilbideak. Hala, Udalak txirrindularientzako bide seguru bat sortu nahi
du, Antso Jakitunaren hiribideko eta Madrid hiribideko erdibitzaileari
atxikita. Hortaz, bidegorria espaloietatik kanpo egingo dute,
oinezkoekin arazorik ez sortzeko, Sahatsaren plazatik aurrera egiten
duen Antso Jakitunaren hiribideko tartean, besteak beste.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, “luzera eta
aurreikuspenen arabera izango duen erabiltzaile kopurua kontuan izanda,
hiriko txirrindularientzako bide nagusietako bat izango da bidegorria,
eta, gainera, lagungarria izango da bi hiribide nagusiak -Antso
Jakitunaren hiribidea eta Madrid hiribidea- atseginagoak eta
irisgarriagoak izan daitezen bizikletaz ibili nahi dutenentzat”.
Aldaketak ibilbidean
Ibilbideari jarraiki, Easotik hasi eta Anoetaraino, lehenik, ibilbidea
zertxobait aldatu da Easo eta Errondo arteko bidegurutzean, oinezkoen
eta txirrindularien artean arazorik egon ez dadin.
Antso Jakitunaren hiribideko ibilbidea erdibitzaileari atxikita
joango da, Nafarroako hiribidean gertatzen den bezala. Horiek horrela,
ibilgailu motordunentzako errail bat kenduko dute, eta kalearen bukaeran
zortzi bat aparkaleku gutxiago egongo dira.
Pio XII.aren plazatik igarobide segurua izateko, bidegorriak erdiko
biribilgunea inguratuko du, egungo autobus geltokitik gertuen dagoen
aldetik, eta, horren ondorioz, tren geltokiko autobusen geralekua
desagertu egingo da.
Txirrindularientzako bideak erdialdetik egingo du aurrera, eta,
beraz, Madrid hiribidetik iritsita Karlos I.aren hiribidera sartzen den
trafikorako errailetariko bat bidegorri bilakatuko da.
Madrid hiribidearen sarreran, erdibitzailearen parean, alde bat
gordeko dute txirrindularientzako, semaforoaren zain egoteko. Osagai
berria da hori hiriko bidegorrietan. Hiribidera iristean, bidegorria
erdibitu egingo da, eta, horrenbestez, txirrindularientzako errail bat
joango da erdibitzailearen alde banatan, motordun ibilgailuek duten
zirkulazioko norabide beretik.
Bizikletaz ibiltzea errazagoa eta seguruagoa izan dadin
txirrindularientzako sarbidea erraztuko dute Gregorio Ordoñez kaletik.
Madrid hiribidearen bukaeran, txirrindularientzako tartea espaloian
sartuko da, Aita Donostia plazako biribilgunera iritsi aurretik,
Baleazaleen plazatik datorren ibilbidearekin lotzeko, puntu horretan
hainbat bidegurutzetatik heltzen den trafikoa bateratzen baita, eta hori
oztopo baita egun txirrindularientzako bide zatia biribilguneari
atxikita joan dadin.
Bestalde, Amaran Morlans eta Antso Jakitunaren hiribidearen arteko
lotura errazteko, 125 metro inguruko luzera izango duen bidegorri bat
egingo dute.
Iturria: Irutxuloko hitza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina