2014(e)ko urtarrilaren 9(a), osteguna

Hondakin izatetik baliabide izatera pasatuko da erabilitako olioa, Donostian ere


Erabilitako olioa jasotzeko edukiontzi laranjak jarriko dituzte hirian, hilaren 27tik aurrera. Hala, hainbat hiritako bizilagunek egiten duten bezala, donostiarrek ere birziklatu ahal izango dute etxeko olioa, eta hondakin izatetik baliabide izatera pasatuko da.
Bi aste iraungo du edukiontziak jartzeko kanpainak. 110 ontzi jarriko dituzte, guztira, hirian eta horietatik 28 izango dira egokituak. Edozein momentuan atera ahal izango dute olioa donostiarrek.
Mapa
Ekimenaren helburua bi urtetan 368.000 olio litro biltzea da. Donostiar bakoitzeko, bi litro. Udalak olioa birziklatzera animatu ditu donostiarrak: “Hhala, birziklatzeko bidean beste pauso bat emango dugu denok elkarrekin”.
Edukiontziak Ekogras enpresak jarriko ditu eta Udalarentzat ez du izango kosturik zerbitzua eskaintzeak. Izan ere, biltzen duen olioa biodiesela sortzeko erabiliko du Ekograsek, eta hortik finantzatu du zerbitzua.

Bi urratsetan, birziklatu

Ohikoa izaten da erabilitako olioa tutuetatik edo errefusara botatzea. Baina jokaera horrek hainbat arazo sortzen ditu, baita kutsadura ere. Olioa birziklatuz gero, baina, biodiesela egiteko lehengaia lortzen da. Biodiesela, diesela baino askoz erregai garbiagoa da eta gutxiago kutsatzen du.
Erabilitako olioa birziklatzea erraza da. Hoztu ondoren, olioa ontzietan sartu behar da, botila batean, esaterako. Ondoren, botila hori edukiontzi laranjan sartu besterik ez da egin behar.
Informazio gehiago, Udalak prestatu duen aurkezpenean.

Iturria: Donostia Gaur

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina