2014(e)ko otsailaren 19(a), asteazkena

HIRI AZPIEGITURA ETA ZERBITZUETARAKO MARKA BERRIA AURKEZTU DUTE: DONOSTIA BERRITZEN


 Nora Galparsoro zinegotziak Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetarako marka berria aurkeztu du gaur: Donostia Berritzen. Marka horren baitan, herritarrek hirian egiten dituzten lanak ezagutuko dituzte, modu garden eta zuzenean. mapa batean kokatuko dituzte hirian egiten ari diren jarduerak, herritarrek kontsulta ditzaten. Astero-astero, albisteak izango dira, eta asteko lanen aurreikuspena ere emango dute.
Gainera, zerbitzua hobetzeko, Herritarren Postontzian nahiz Dpostontzia aplikazioan Donostia Berritzen atala izango da, herritarrek euren kexa, galdera eta iradokizunak bidali ahal izateko.
BerritzenGalparsorok nabarmendu duenez, “Donostia Berritzen etengabe ari gara, egunero-egunero, gure auzoetan eta kaleetan. Hiriaren paisaia dinamikoa da, bizirik dagoen zerbait eta etengabe berritu behar duguna”. Hori islatu nahi du Donostia Berritzen-ek.
Bi helburu betetzeko asmoz sortu dute. Lehen helburua da donostiarrei lehen eskuko informazioa ematea, modu gardenean. Horrela, Udalak hiria mantentzeko, azpiegiturak berritzeko edota berriak sortzeko lanak ezagutu ahal izango dituzte.
Bestetik, eta lehenengoarekin lotuta, inbertsio horri guztiari balioa ematea da asmoa, baita egiten duten lan guztiari ere: “Gurea ondo zaindutako hiria da, oso ondo esango nuke nik. Urteko egun guztietan prest egoteko, berritzeari baliabide asko eskaintzen dizkion hiria da. Uste dugu garrantzitsua dela talde askok egunero egiten duten lana ikusaraztea“.

Auzoetako bilerak eta webgunea

Donostiako Udalaren partaidetza ereduari jarraituz, herritarrekin batera berritu nahi dute Donostia. Horregatik, astero elkartzen dira auzo elkarteekin, haien auzoetan dituzten behar eta lehentasunei erantzuteko: “Guretzat, garrantzitsuena da herritarrek guri helaraztea zein diren beren auzoetan dituzten beharrak lehen eskutik. Horregatik biltzen naiz astero Auzo Elkarteekin, udaleko teknikariek lagunduta. 2012an hasi ziren bilerak, eta aurtengo ikasturteko lehenengoa urriaren 15ean egin genuen Intxaurrondon”.
Hauxe da egin dituzten eta egingo dituzten bileren egutegia.
  • Urriak 15. Intxaurrondo.
  • Urriak 22. Parte Zaharra.
  • Azaroak 5. Loiola.
  • Azaroak 19. Martutene.
  • Abenduak 3. Herrera eta Larratxo.
  • Abenduak 4. Loiolako Erriberak.
  • Abenduak 10. Añorga.
  • Urtarrilak 14. Txomin-Enea.
  • Urtarrilak 21. Aiete.
  • Otsailak 4. Zubieta.
  • Otsailak 11. Ibaeta.
  • Otsailak 18. Altza Gaina.
  • Martxoak 4. Amara Berri-Morlans.
  • Martxoak 11. Igeldo.
  • Martxoak 18. Gros.
  • Apirilak 1. Ulia.
  • Apirilak 8. Egia.
  • Maiatzak 6. Amara.
  • Antigua, Zentroa eta Bidebieta. Zehazteke.
Galparsorok nabarmendu duenez, bilera horiek fruitu asko ematen ari dira: “Horregatik, herritarrekin komunikazioa areagotzea garrantzitsua da. Asteko bilerek eta webguneak auzoetako jardueren gainean modu gardenagoan informatzen lagunduko dute, eta balioan jarriko dute egunero-egunero berritzen eta hiri polit hau mantentzen egiten den lana”.

Gurutze eta Zedro

Galparsorok bi jarduera garrantzitsuren gaineko informazioa ere eman du, Gurutzeko eta Zedro pasealekuko lanen berri.
Gurutzeri dagokionez, 73.518,47 aurrekontuarekin, auzoko irisgarritasuna hobetuko dute: espaloiak zabalduko edota berriak egingo dituzte, arrapalak sortuko dituzte eta auzoa bere inguruarekin lotuko dute, bertatik autobusa igaroko baita. Gainera, ur eta saneamendu hodiak berrituko dituzte.
Zedro pasealekuaren aurrekontua 209.394,67 eurokoa da eta lanen epea hilabete eta erdikoa. Lanak oraindik ez dituzte esleitu, hortaz, ez dira hasi. Obraren bidez zerbitzuak berrituko dituzte (ura, saneamendua, argiteria). Horrez gain, espaloiak berritu eta zabalduko dituzte, irisgarritasuna ziurtatzeko.

Iturria: Donostia Gaur 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina