Honela laburbildu du Izagirre alkateak Donostiako Udal Gobernua herri partaidetzan egiten ari den lana: “Udalak herritarrekin konpartitu behar du bere lidergoa, eta denon artean lan egin: ez du zentzurik hiritarrak entzun eta kontuan hartuko ez dituen politika egiteak; guk pauso bat harago ere joan nahi dugu: herritarrekin gure hiria eraikitzeko erantzukizuna partekatu nahi dugu”.
Prozesu osoaren azken emaitza herritarrek eta Donostiako Udalak elkarrekin auzo eta herrietan lehentasunezko proiektuak zein diren adostea izango da. Horretarako, Donostia osatzen duten auzo eta herri guztietan egingo dituzte batzarrak hainbat fasetan.
15 bilera auzo eta herrietan
Lehen fasea martxoaren 3an hasiko da, eta auzo eta herri guztiak igaro ostean, martxoaren 26an bukatuko da. Bitarte horretan, Juan Karlos Izagirre eta Udal Gobernua herritarrekin bilduko dira 2012an egindako Auzo eta herriak Donostia indartzen prozesuan Udal Gobernuak hartutako konpromisoen kontu emateko.Honela, herritarrei azalduko diete udalak bere egin zituen konpromiso haiek zein egoeratan dauden eta zer den orain arte egin duena.
Web orrialdea
Donostiako Udalaren Herri Partaidetza sailak web orrialdea jarri du abian herritarrek uneoro prozesu osoaren berri izan dezaten. Web orri horretan prozesuaren gaineko informazioa izango da: faseak, egutegia, batzarren orduak eta lekuak, dokumentazioa, parte hartuko duten auzo elkarteen zerrenda eta hainbat xehetasun.Martxoko batzarren egutegia honela banatuko da:
- Martxoak 3, astelehena. AƱorgako Antxon Ayestaran KEn.
- Martxoak 4, asteartea. Martuteneko Gaztelekuan.
- Martxoak 5, asteazkena. Txomineko Haurtxokoan.
- Martxoak 6, osteguna. Altzako Tomasenen.
- Martxoak 10, astelehena. Amara Berriko Ernest Lluch KEn.
- Martxoak 11, asteartea. Bidebietako Kontadoresen.
- Martxoak 12, asteazkena. Aieteko KEn.
- Martxoak 13, osteguna. Erriberak: Ernest Lluch KEn.
- Martxoak 17, astelehena. Parte Zaharra: San Telmon.
- Martxoak 18, asteartea. Loiolako KE-n.
- Martxoak 19, asteazkena. Antiguo-Ibaeta: Lugaritz KEn.
- Martxoak 20, osteguna. Egiako KEn.
- Martxoak 24, astelehena. Gros: Okendo KEn.
- Martxoak 25, asteartea. Intxaurrondoko KEn.
- Martxoak 26, asteazkena. Amara-Morlans: Urbietako eskoletan.
Azarora bitarteko faseak eta proiektuaren printzipioak
Axier Jaka Partaidetza zinegotziak adierazi duenez, Auzo eta Herriak Donostia Indartzen 2011-12an egin genuen prozesuaren jarraipena da. Guretzat oso garrantzitsua da herri partaidetza eredua iraunkorra izatea, eta horregatik jarraituko dugu egiten ari garen bidetik”.Honela, 2014ko Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuak azarora arte iraungo du, eta hainbat fase izango ditu. Martxoko bilkuretan 2012ko konpromisoen kontu ematearekin batera, Udal Gobernuak aurkeztuko du Auzo Elkarteek eta Donostiako Udalak elkarrekin gidatuko duten hurrengo fasea. Auzo elkarteek, udal teknikarien laguntzarekin gidatuko dituzte herritarren ekarpenak jasotzeko balioko duten batzarrak. Ondoren, ekarpen horiek guztiak Udal Gobernuarekin elkarbanatuko dituzte, auzo eta herrietan lehentasunezkoak diren proiektuak zein diren elkarrekin adosteko.
Axier Jakak azaldu ditu prozesuak oinarri hartzen dituen printzipioak:
- Inklusioa: herritarrek parte sentitu behar dute, bereziki urruti sentitzen diren edo-eta gizarte-bazterketan egon daitezkeen horiek: emakumezkoak, jatorri ugaritako pertsonak, gazteak…
- Euskararen sustapena: euskarari emango diogu lehentasuna eta euskaraz ulertzen ez dutenei erraztuko diegu bilerak jarraitu eta eroso sentitzea, esaten denaren itzulpen labur bat eginez eta egiten ditugun euskarriak gazteleraz aurkeztuta.
- Eraginkortasuna: prozesuak lortu behar du baliagarria izatea denontzat, herritarrentzat eta udalarentzat. Horretaz gain, udal politiketan eragiteko gaitasuna eduki behar du.
- Aukera-berdintasuna: behar diren baldintzak sortu behar ditugu pertsona guztiek sentitzeko aukera dutela euren iritziak emateko eta errespetuz tratatzen direla ekarpen guztiak.
- Aniztasuna: iritzi ezberdinen bila joan behar dugu. Lehentasuna du kualitatiboki iritzi ezberdinak jasotzeak, ordezkapen kuantitatiboak baino.
- Gertutasuna: herritarren eta udalaren arteko gertutasun eta konfiantzazko harremanak sustatzeko balio behar du.
- Erraztasuna: jartzen ditugun baliabideak (erabiliko dugun hizkuntza, euskarriak…) ahalik eta ulergarrienak izan behar dira.
- Malgutasuna: pertsonen artean lan egingo dugunez, malguak izan behar dugu prozesuarekin, baina eraginkortasuna galdu gabe. Momenturo aztertuko dugu ea prozesuren ibilbidea egokitu behar den.
- Elkarlana: Udala eta herritarren arteko elkarlan-guneak irekitzea.
- Autonomia: barne lanean Auzo Elkarteen autonomia landuko dugu, baliabideak eta teknikarion presentzia beraiekin jorratuz auzo eta elkarteen beharren arabera.
Udal Gobernuaren konpromisoak
Axier Jakak eta Izagirre alkateak azaldu dutenez, prozesu osoan hauek izango dira Donostiako Udal Gobernuak bere egingo dituen konpromisoak:- Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuetan jasotako informazio eta konpromiso guztien informazioa publiko egin eta irisgarri jartzea.
- Auzo elkarteak lehen mailako eragile sozial gisa tratatzea.
- Herri batzarretatik aterako diren proposamenak jasotzea, aztertzea eta komunikatzea.
- Ardura tekniko eta politikoa dutenen presentzia bermatzea.
- 2015ko Udal aurrekontu proiektuan isla izatea.
Iturria: Donostia Gaur
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina