Bart goizaldeko 1:30-2:00 bueltan sekulako ekaitza hasi zen La
Flamenka gunean 3.000 bat pertsona geundela. Esne Beltzaren emanaldia
hastear zen eta haize indartsua zegoenez, segurtasun plana martxan
jartzea erabaki genuen. 5 minututan antolakuntzako piratok peto horiak
jarri eta kaia hustu genuen, edozeren gainetik dagoelako denon
segurtasuna.
Suhiltzaileak eta ertzainak etorri zirenerako gunea hustuta genuen
eta arrisku nagusia haizeak karpa nagusiaren zutabeak mugitzea zen. Une
zailak izan dira, urte osoko lana eta ilusioa gure begien aurrean
zapuztear egon delako. Hala ere, garrantzitsuena da inork ez duela minik
hartu. Gure guneak horrela ikustea tristea izan da.
Gaurko goiza kalteen kontaketa egiten igaro dugu, eta egoera oso
latza da. 90.000 eurotik gorako kalteak izan ditugu. Programarekin
aurrera jarraitzeko erabakia hartu dugu, baina baliteke egitarauan
aldaketa batzuk gertatzea. Hala ere, aitortu beharrean gaude, kolpe
handia izan dela. Kalte material handiak eragin dizkigu, batez ere
musika materialean eta azpiegituran. Haizeak eta euriak tresna asko
txikitu ditu eta jai herrikoien proiektua oso oso ukituta geratu da.
Pena da, mugimendua geroz eta anitzagoa dugun honetan, geroz eta osoagoa
den honetan, balioen lanketa geroz eta indartsuagoa den honetan, gau
txar baten erruz kolokan geratzea.
Ez gara besoak gurutzatuta geratuko, ordea. Aste Nagusia amaitu
aurretik programazioan ez dauden ekimen berriak lotzeko lanean ari gara.
Baina batez ere, argi esateko, gure kontu korronteko zenbakia emango
dizuegu. Bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko aukera izan dezan.
3035 0149 45 1490027294
Baita ere, gonbidatzen zaituztegu geratzen diren egunetan La
Flamenkara, Kantina Piratara eta Nautiko gunera zaitezten, eta
mugimenduaren parte izaten. Une hauetan, inoiz baino gehiago, babesa
behar dugu.
Beste behin, guztien laguntzaz eta elkarrekin lanean, edozer dugula
posible erakutsi behar dugu, orain inoiz baina indartsuago. Pena handia
izango litzateke Donostia abordatzeari utzi behar izatea gau oker baten
erruz. Denon artean, suertatzen diren egoera eta oztopoei aurre egin
diezaiekegulako.
Eskertu nahi dugu baita ere, bart gauean laguntzen aritu zineten
guztiei, eta baita gaurko egunez jasotzen ari garen animo mezuei eta
laguntzari ere.
Besterik gabe, milesker guztioi eta animo asko denoi!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina