Udalak osasunarekin loturiko jardueren mapa bat egin du herritarrek
alor honetan dauden baliabideak ezagutu ditzaten. Tresna birtual honen
bidez osasun sustapenaren inguruan udalerrian dauden erakunde edo
elkarte guztien argazki bat izango dute eskura donostiarrek. Guztira 135 erakunde eta elkarte zehaztu dira,
11 jarduera ezberdinetan sailkatuta: jarduera fisikoa (52),
sozializazioa (48), trebakuntza (40), berdintasuna (30), prestakuntza
(29), gaixoentzako baliabideak (27), elikadura (7), afektibo sexuala
(6), mendekotasunak (4), istripu prebentzioa (3) eta ingurumena (3).
Zerrendan, beraz, alor ezberdinetan lan egiten duten eragileak daude,
izan publiko zein pribatuak.
Gaurtik aurrera martxan dagoen web atariaren helbidea hau da: www.donostia.eus/osasunmapa.
Bertan bitarteko bakoitza dago kokatuta, kolore ezberdineko ikonoetan
jarduera motak zehazten direlarik; zentzu horretan, ikono bakoitzean
klikatuz, hautatutako jardueren arloan dauden elkarte edo erakundeei
buruzko informazioa agertuko zaigu, eta elkarte edo elkartearen izenaren
gainean sakatuz gero, haren webgunera eramango gaitu, han intereseko
informazio guztia aurkituko dugularik. Mapa osatzen joango da, izan ere,
hemendik aurrera osasunaren sustapenaren alorrean ari den edozein
erakunde edo elkartek eman dezake izena.
Osasunaren sustapena
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak mapa honen garrantzia nabarmendu du: “Donostiarrek, mapa honen bidez, oso modu erraz eta argian ezagutu ahal izango dituzte eskura dauzkagun bitartekoak,
beti ere, euren osasunaz ikuspuntu ezberdinetatik arduratzeko, azken
batean tresna honen helburua da donostiarrek euren osasuna hobetzeko
bitartekoak ezagutzea eta eskura izatea, osasuntsuago egoteko”. Tresna
hau hainbat eta hainbat eragileren laguntzarekin egin dela zehaztu du
zinegotziak: “Eragile asko eta asko oso pozik agertu dira ideiarekin eta tresna honen beharra eta garrantzia azpimarratu digute; osasunaren alorrean lan egiten duten pertsonek ere oso tresna interesantea dela azpimarratu dute”.
Osasunaren sustapena mundu mailan gero eta garrantzi gehiago duen kontzeptua dela zehaztu du Jakak:
“Osasunaren sustapenaren helburua da norbanakoen eta gizartearen osasun
globala hobetzeko prozesuak abiaraztea, herritarrak informazioa
lortzeko bidea emanez, pertsonek euren osasunean eragina duten erabaki
eta ekintzetan eragiteko, gaitasunak garatzeko, jarrerak aldatzeko eta
trebetasunak errazteko”.
Iturria: Donostia Gaur
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina