Donostiako Udal Gobernua, auzo elkarteak eta herritarrak buru-belarri murgilduta daude Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesu parte hartzailean. Prozesu
osoaren azken emaitza herritarrek eta Udalak elkarrekin auzo eta
herrietan lehentasunezko proiektuak zein diren adostea izango da. Horretarako, Donostia osatzen duten auzo eta herri guztietan egiten ari dira batzarrak, hainbat fasetan.
Lehen fasea martxoaren 26an bukatu zen. Bitarte horretan, Juan Karlos Izagirre eta Udal Gobernua herritarrekin bildu ziren 2012an egindako Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuan Udal Gobernuak hartutako konpromisoen kontu emateko. Honela,
herritarrei azaldu zieten udalak bere egin zituen konpromiso haiek zein
egoeratan dauden eta zer den orain arte egin duena.
2. fasea, 220 proposamen
Auzo elkarteek izan dute gidaritza bigarren fase honetan. Auzo
elkarteetako kideek gainontzeko bizilagunekin egin dituzte batzarrak,
udal teknikarien laguntzaz. Elkarrekin, auzoaren edo herriaren egoeraren diagnostikoa eta hobetzeko proposamenak egin dituzte: 220 guztira.
Lehen fasearen ondoren Axier Jaka zinegotziak azaldu zuenez, “auzo eta herrietako errealitatea bertatik bertara konpartitzea da garrantzitsuena, auzoko gabeziak eta beharrak identifikatzea eta, azkenik, proposamenak adostu eta lehentasunak ezartzea”.
Partaidetza zinegotziaren hitzetan, “auzo eta herrietan, politika egiteko eredu berri bat sistematizatu nahi du gobernuak, auzo elkarteen laguntzaz, Udalaren eta herritarren arteko elkarlan espazioak iraunkor bihurtuz”. Herritarrengan interes kolektibo eta orokorrarekiko konpromisoa sustatzea da prozesu honen beste gakoetako bat.
Bost eremuren gainean aritu dira batzarretan:
- Kultura, euskara eta kirola.
- Hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna.
- Garapen ekonomikoa.
- Gizarte ongizatea eta herri babesa.
- Zeharkako gaiak: generoa, herri partaidetza, gazteria, adinekoak, migrazioa.
Honako galderei erantzun diete herritarrek:
- Aurreko prozesutik garatu gabe dauden proposamenak oraindik baliagarriak dira?
- Gure auzoetako errealitatea aldatu egin da zerbaitetan?
- Proposamen berriak ditugu auzoan? Nondik datoz behar horiek?
- Horietatik guztietatik zeintzuk dira lehentasunezkoak?
Bloke tematikoak:
- Kultura-Euskara-Kirola: 51.
- Hirigintza-Ingurumena-Mugikortasuna: 63.
- Garapen ekonomikoa: 28.
- Gizarte Ongizatea-Herri Babesa: 40.
- Zeharkako gaiak: 38.
Prozesuaren gaineko balorazioa
Hauxe da parte hartzaileek egin duten prozesuaren gaineko balorazioa. Puntuz puntu:
Dinamizazioari buruz:
- Bileretan egindako ariketa konplexua izan da, eta askoetan denboran
motz gelditu da. Ala ere metodologia honek ahalbidetu du ariketa
sakonagoa izatea.
- Lehentasunak zehaztearen ariketa oso zuzena izan da eta bihurtu du ariketa oso pedagogikoa elkar-erantzukizunaren ikuspuntutik.
Bost gai multzoen/blokeen diseinuari buruz:
- Herritarren hausnarketa eta proposamenak 5 bloketan banatzeak erraztu egin du auzoaren eztabaida integrala.
- Nola nahi ere zenbait blokek garrantzia handiago hartu dute (
Hirigintza, Ingurumena, Mugikortasuna) eta beste kasu batzuetan ordea
bloke batzuk urri gelditu dira (Garapen ekonomikoa).
Komunikazioa:
- Udaletik komunikazio eta dibulgazio maila egoki eta anitz bat
mantendu da. 2011koarekin alderatuta intentsitatean jaitsi egin da eta
aniztasunaren alde formula ezberdinak bilatu dira.
- Auzo elkarteek komunikazio beharretan hartutako inplikazioa altua
izan da. Alde batetik identifikatzen eragileak, bestetik komunikazioa
egokitzen beraien auzotako ohiko kanaletan.
Dinamika orokorra:
- Auzo elkarteak eta herritarrak elkarrekin egin dute lan eta oso interesgarria izan da.
- Asistentzia maila egokia izan da, kalitatezko lan kolektiboa bermatu
delako, Nahiz eta badagoen presentzia handiagoa egoteko potentziala.
Dena den Herri Partaidetza politikoa hezkuntza prozesua da eta kultura
politikoa eraldatu ahala, herritarren presentzia handitzen joango da.
- 1. fasean talde politiko guztietako ordezkari politikoek parte hartu
bazuten, 2. honetan auzo elkarteena eta bizilagunena izan da
protagonismo osoa, orokorrean bizilagunek ondo baloratu dute
erreserbatzea 1. fasea Gobernuak herritarrei kontu emateko eta 2.
bizilagunen arteko ariketa kolektiboa egiteko.
- Herritarren aldetik aniztasun diskurtsiboa izan da eta kalitatezko elkarrizketak suertatu dira.
- Batzarrak oro har auzoka egin dira, baina bi auzune batu ditugun
batzarretan beste auzunearen asistentzia maila izan da. Zentzu honetan
auzo elkarteek elarazi dute auzo bakoitzeko batzar bat egiteko beharra.
- Herritarren aldetik lan dinamikan sortutako eskaera bat da, hurrengo
ariketetan Udalak mahaigaineratzea datu kuantitatibo gehiago, hau da,
informazioa kuantitatibo gehiago.
Herri proposamenak:
- Auzo bakoitzean lehenetsitako 15ak erantzungo direla esan da baina
jendeak, erantzunetik harago, kopuru jakin bat ziur “egingo dela” esatea
nahi zuen.
- Herri proposamenak kalitatezkoak izan dira. Herritarrek markatutako
helburu estrategikoei erantzuten dute, hau da, ze nolako auzoa nahi
duten esan eta gero definitu egin dituzte proposamenak.
- 2011koekin alderatuta lanketa sakonagoa izan da eta proposamenak
maila altuagokoak izan dira. Horrek Udalari erantzun sakonagoak eta
konprometituagoak egitea eskatzen dio.
Aurrera Begira:
- Udalak kontu handia izan beharko luke horrelako bilerak deitutakoan
beste bilera/ekitaldi/ekintzarik ez antolatzearekin aldi berean.
- Auzo bakoitzeko eragileak biltzea lehenago ondo legoke, esaterako diagnostikoa kontrastatzeko.
- Auzoen tamainak asko baldintzatzen du ariketa. Tratamendu bera izan beharko lukete guztiek?
- Auzune ezberdinak batzar berdinean biltzea ausnartu beharreko gaia da.
- Helburuen formulazioa hobetu behar da, ekintzetatik gehiago bereizteko.
Ebaluazioa:
Ebaluazio jarrai egiten ari badira ere, prozesu osoa burutzean
(2015), nazioarteko Ebaluazio Sistema Estandarizatuak erabiliko dituzte
prozesua eta bere inpaktua integralki baloratzeko.
Ondorio nagusiak
- Koherentzia: Auzo eta Herriak Donostia Indartzen
prozesu berri bat legegintzaren azken urtean egiteak eta bigarren aldiz
gainera, koherentzia eta sinesgarritasuna demostratu du herritarren
aurrean, eta horrela baloratua izan da batzarretan. Zentzu berean pausu
honek koherentzia gehitu dio Donostiako partaidetza ereduaren
garapenari.
- Sinesgarritasuna: Behin auzoetatik 220 herri
proposamen jaso ondoren eta Gobernuak eta Udalak prozesuarekiko
konpromiso publikoak hartu ondoren; 3. fase honetan Udalaren
sinesgarritasuna jokoan eta partaidetzaren sinesgarritasuna orohar
jokoan dago. Udalaren erantzunak ondo elaboratu egin beharko dira eta
herri partaidetzaren eraginkortasuna demostratu beharko da 2015ko
aurrekontu parte hartzailearen bitartez.
- Donostiako Partaidetza eredua: Auzo eta Herriak Donostia Indartzen
prozesuak, bere dimentsio eta exijentzia mailagatik, lagundu du
Udalaren partaidetza metodologia, sistema eta eredua bera hobetzen eta
indartzen. Eredu berari sinesgarritasuna eman dio.
- Kultura politikoa: Prozesuaren 2. fase honetan
izandako asistentzia mailaz haraindi, partaidetzaren sinesgarritasuna
eta legitimitatea eraikitzen ari gara prozesuen metodologia eta
kalitatezko baldintzen bitartez. Herri Partaidetzarako kultura politikoa
handitu ahala, prozesuetan partaidetza maila handituko da.
3. fasea, uztaila-iraila
Fase honetan herritarren galderak aztertu eta erantzunak prestatuko ditu Udal Gobernuak. Uztaila-iraila bitartean iraungo du.
Hauxe izango da prozedura:
Hasierako ebaluazio politikoa.
- Zer? Proposamena Gobernuak arlo horretan daraman politikarekiko balioestea.
- Nork? Zinegotzi ordezkariak.
- Noiz? Uztailaren 9tik 16 arte.
Azterketa tekniko/ekonomiko/juridikoa.
- Zer? Proposamenaren estudio teknikoa, ekonomikoa (inbertsioa edo/eta
gastu korrontea), denboralitate potentziala eta juridiko bateratua
egitea, dagokion zinegotzigoak eta zuzendaritzak daraman politikarekin
lotu gabe.
- Nork? Dagokion gaiaren arduradun tekniko/ek.
- Noiz? Uztailaren 16tik irailaren 26ra.
Zuzendarien erantzuna
- Zer? Proposamenak zuzendaritzaren ekintza ildoetan eta urteko
aurrekontuan izango lukeen eragina ebaluatzea Gobernuari proposatzeko.
- Nork? Arloko zuzendariek.
- Noiz? Irailaren 29tik urriaren 3ra.
Gobernuaren azken proposamena
- Zer? Gobernuaren erabakia eta erantzuna.
- Nork? Udal Gobernuak.
- Noiz? Urriaren 6tik 13ra.
Esan bezala, prozesu osoaren azken emaitza herritarrek eta Udalak elkarrekin auzo eta herrietan
lehentasunezko proiektuak zein diren adostea izango da. Eta gero horiek
2015eko aurrekontu parte hartzaileetan txertatuko dituzte.