Udal gobernuaren kontrako botoekin, eta ondarearen defentsan ari
diren zenbait elkarteren iritziaren aurka, oposizioak Arte Ederren
eraikina hotel bihurtzeko aukera emango duen proposamena adostu du
gaurko udalbatzarrean. C babes maila izango du Arte Ederren eraikinak,
baina, PSE-EEk, EAJk eta PPk lortutako akordioaren bitartez, babesa
partziala izango da. Klausula horrek fatxadan aldaketak egitea
ahalbidetuko du eta, ondorioz, eraikinaren jabe SADEk proposatutako
hotel proiektua gauzatu ahal izango litzateke. Arte Ederren eraikinaren
defentsan borrokan ari diren Ancora Elkarteko eta Arkhitektoon
Biltzarreko kideak izan dira udalbatzarrean, pankarta batekin, euren
desadostasuna adierazteko.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok adierazi du erabakiarekin Arte
Ederren eraikina “babestea ahalbidetuko dutela, etorkizunera begira
bideragarria izan dadin, arrazoizko erabilera baten bitartez”. EAJko
bozeramaile Eneko Goiaren arabera, “garrantzitsua da oso ondarea
babestea eta ondare hori bizirauteko erabilerak bermatzea”. PPko
ordezkari Jose Luis Arrueren ustez, “Arte Ederren eraikina babestea
beharrezkoa da, eraikin berezia delako, inork ez du hori zalantzan
jartzen; baina, hiri honek aurrera egin dezan nahi dugu, eta horretarako
eraikina erabili behar da, oso egoera txarrean baitago”. Oposizioko
hiru udal taldeek San Bartolomeren adibidea jarri dute udal gobernuaren
jarreraren kontra egiteko, Bildu bertako komentuari C maila ematearen
alde dagoelako, “Arte Ederren eraikinari ezarritako babes partzial
bera”.
Udal gobernuaren izenean, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek
oposzioaren jarrera gogor salatu du, erabakiarekin eraikina “botatzea”
ahalbidetuko dutelako. “Eraistea dakar erabakiak. Zergatik?
Berreraikitze batekin bakarrik egin daitezkeelako proposatutako
aldaketak eraikinean, eta hori eraiste baten ondoren dator”, ohartarazi
du. Eta galdera bat egin dio oposizioari. “Jabetza pribatuak baldintzatu
behar al ditu plangintza planak? Ezezkoa da gure erantzuna”, esan du.
Ika mikak-ika mika, Donostiako Ondare Urbanistiko Eraikia Babesteko
Plan Bereziari behin betiko onartzea eman diote. Arte Ederren eraikina
izan da gai korapilatsuena, baina beste hainbat eraikin edo espazioei
eman diete orain arte ez zuten babes maila: Kursaal jauregia, Haizearen
Orrazia, Oteizaren eskultura eta Coca Colaren eraikin industrialari,
besteren artean. Plan Berezian 1.200 eraikin edo espazio daude, babes
desberdinekin, A, B, C, D, E eta F mailetan banatuta. A da udalak ematen
ez duen babes maila bakarra, Eusko Jaurlaritzaren eskumena baita hori.
Bada, plan berezi honetan Igeldoko funikularra eta jolas-parkea maila
horretan izango dira gaurtik aurrera.
Iturria: Irutxuloko hitza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina