2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

BESTE EREMU BATZUEI BEZALA, AMARA ZAHARRARI ETA MORLANSI ERE BEHAR DUTEN ARRETA ESKAINTZEKO ESKATU DUTE BIZILAGUNEK

Auzo eta Herriak Donostia Indartzen aurtengo prozesuko lehen faseko azken bilera egin zuten atzo Urbieta kaleko Amara Berri ikastetxean. Bertan bildu ziren Amara Zaharreko eta Morlanseko bizilagunak, Udal Gobernuko hainbat kiderekin.
Bi auzoetako bizilagunek oso jarrera parte hartzailea izan zuten bileran zehar, eta bereziki puntu batean denak ados agertu ziren: Udal Gobernuari eskatu zioten Amara eta Morlansi ere, hiriko beste hainbat guneri bezala, behar duten arreta eskaintzeko. 
Ricardo Burutaran, Nekane Burutaran eta Axier Jaka zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre alkatea aritu ziren Udal Gobernuak 2012an hartutako konpromisoen egoeraz kontu ematen (hona xehetasunak, puntuz puntu), eta bizilagunen iruzkin eta galderei erantzuten.
Amara Zaharreko bizilagunek hainbat gai jarri zituzten mahai gainean: erabilera anitzeko gune baten beharra, San Bartolomeko proiektua, Easo plazarena, Amararen identitatea… Hauxe da bideo laburpena:




Bukatu da lehen fasea

Prozesuaren lehen fasea martxoaren 3an hasi zuten, eta auzo eta herri guztiak igaro ostean, atzo bukatu zuten.
Maiatzean elkartuko dira berriz Udal Gobernuko ordezkariak eta herritarrak, bi bilera irekitan, prozesuaren bigarren faseari heltzeko. Une horretatik aurrera, Udalak eta auzo elkarteek prozesuaren lidergoa eta kudeaketa partekatuko dituzte.
Prozesu osoaren azken emaitza herritarrek eta Udalak elkarrekin auzo eta herrietan lehentasunezko proiektuak zein diren adostea izango da.
Donostiako Udalaren Herri Partaidetza sailak web orrialdea jarri du abian herritarrek uneoro prozesu osoaren berri izan dezaten: faseak, egutegia, batzarren orduak eta lekuak, dokumentazioa, parte hartuko duten auzo elkarteen zerrenda eta hainbat xehetasun.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina