2014(e)ko azaroaren 12(a), asteazkena

ERDIALDE EZ DA MARTUTENE


Zergatik aurkeztu da proposamena hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direnean? Zergatik hartu dira Madril eta Bartzelonaren gisako hiri handiak eredu gisa? Zergatik banatu da hiria lau barrutitan, eta ez bitan, hirutan edo hamazazpitan? Zergatik eman barrutiei aurrekontuaren %5 eta ez %11, adibidez? Eta, batez ere: nork erabaki du hori guztia, bizilagunei galdetu gabe?".
Erantzunak bainoago, galderak topatu dituzte Donostiako auzo elkarteek, PSE-EE eta PP alderdiek aurkeztutako proposamena irakurtzean. Horrexegatik, proiektua behin-behinean atzera botatzea eta, horren ordez, "jendaurreko eztabaida serio eta lasaia antolatzea" eskatu zuten urriaren 11n. Handik hiru astera, proiektua aurkeztu, bozkatu eta onartu egin zuten oposizioko udal taldeek.
"Auzi honetan guztian, formak dira gutxien gustatu zaizkigunak", esan du Amarabai auzo elkarteko kide Sergio Beorlegik. Haren esanetan, "donostiarrei bizkarra emanda" egin da prozesu osoa: "Ez gaituzte aintzat hartu. Inork ez du auzo elkarteekin hitz egin, egitasmoa azaltzeko. Ez elkarteekin, ezta bizilagunekin ere. Egunkarietatik jaso behar izan dugu informazioa".
Egitasmoa lantzeko eta aurkezteko moduaz gainera, unearen egokitasuna ere zalantzan jarri du Beorlegik: "Odon Elorza alkate zen garaian, PPk antzeko proposamen bat egin zuen. Hor aukera izan zuen PSEk barrutien planteamendua ezartzeko, baina atzera bota zuten. Gaizki iruditu zitzaien".
Amarabaiko kideak onartu duenez, hiriko auzo elkarteen artean badira barrutiaren formatua begi onez ikusten dutenak ere —Altza, esate baterako—, baina "den-denek" argi daukate prozesua beste era batera bideratu beharko litzatekeela: "Erabakiak goitik behera hartu beharrean, modu horizontalean eztabaidatu behar dira gauzak".
Beorlegik gaineratu du auzoek tresna eraginkorrak behar dituztela administrazioarekin tratatzeko, baina ez du uste barrutien egitasmoak halako baliabideak emango dizkienik: "Amarabai elkartean aspaldi egin genuen hausnarketa hori. Elkarte nahiz hiritar soil gisa, erremintak behar ditugu udal politikan parte hartzeko. Gaur egun, adibidez, legeak debekatu egiten digu osoko bilkuretan eztabaidarako puntuak aurkeztea, alderdi politikoen udal taldeen bitartez ez bada. Bitartekari gehiago jarri beharrean, ezin al da parte hartze zuzena sustatzeko mekanismoren bat aktibatu?".
"Hilda jaio da proiektua"
PSEk, PPk eta EAJk babestutako egitasmoaren mamiari ere kritika gogorrak egin dizkiote auzo elkarteetako bozeramaileek. Beorlegiren ustez, hiriburu handietan aplikatzekoa zen proiektua imitatu besterik ez dute egin PSEk eta PPk: "Bilbo, Madril eta Bartzelonako kasuak aztertu ditugu, eta ikusi dugu horien kopia dela Donostiako barrutien egitasmoa, baina eredu horrek ez du hemen balio. Bartzelonako barruti bakoitza Donostia osoa baino handiagoa da". Auzo bakoitzak ezaugarri, populazio eta behar propioak ditu, gainera. "Erdialdea eta Parte Zaharra ez dira Martutene, baina barruti berean sartuko dituzte. Barruti bakoitzak, gainera, aurrekontu bat izango du proiektuak eta azpiegiturak finantzatzeko. Auzoen artean liskarrak eragin ditzake horrek".
Hala ere, egitasmoa baliogabeturik dagoela uste du Beorlegik, auzo elkarteek uko egin baitiote barrutietako batzordeetan parte hartzeari. "Diotenez, auzo elkarteetako kideak izango dira batzordeetan, baina elkarteok uko egin diogu jada aukera horri. Barrutiak hilda daude jaio aurretik ere".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina