
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka
Beste urte batez egin dugu bat Sortzen, AEK, Zazpiak Bat, Ikastolen elkartea eta Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina aurkezteko. Beste urte batez eman nahi dizugu Nafarroa hegoaldeko baratza dastatzera, milaka birika euskarari puzka jarriz.
Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuez osatutako saskia eskaintzen dizugu 50 euroren truke. 15 ekoizlek arreta eta maitasunez ondutako produktu sorta. Horixe da, kanpainan parte hartzea erabakiz gero, hartuko duzuna.
Baina ariketa honek norabide bikoitza du. Izan ere, keinu berean, hartu ez ezik, eman ere egingo duzu. Batetik,
bertako ekoizpenari bultzada emango diozu, eta, bestetik, saskiaren
balioaren % 25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da.
Bertako ekoizpenari bultzada emando diozula diogu, 15 ekoizleren atzean dozenaka langile eta ehunka nekazari baitago.
Euskarari dagokionez, aurtengoan diru ekarpena ondorengo hiru proiektuetara joango da:
- Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenera
- Erriberako AEKra
- D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara
Orain arteko kanpainetan, euskararentzako 300.000 euro biltzea
lortu dogu. Guztion esku dago zifra hau potolotzen joatea. Izan ere, Errigora zerbait bada, ehunka lagunen borondatezko lanari eta ilusioari esker da. Auzolanari esker.
Zure inguruan kanpainaren berri eman eta sare sozialetan kalaka ematen
aritzen zaren horri esker; zure herri edo auzoan kanpainari hauspoa
ematen diozun horri esker; auzolanean kutxak muntatzen aritzen zaren
horri esker eta, nola ez, saskia eskatzen duzun horri esker.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina