2014(e)ko maiatzaren 22(a), osteguna

ARTE EDERREN ERAIKINA KULTUR ONDARE IZENDATU DU EUSKO JAURLARITZAK

Arte Ederren eraikina. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Arte Ederren eraikina. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Arte Ederren antzoki ohiaren eraistea saihestuko lukeen babes maila eman dio Eusko Jaurlaritzak aipatutako eraikinari. Hain zuzen ere, Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatu du, udal gobernuak eskatu bezala. Izan ere, Bilduk hurrengo udalbatzarrean eztabaidatuko duten erakunde adierazpen bat erregistratu zuen duela egun gutxi, Eusko Jaurlaritzari Arte Ederren eraikinari babes maila handiena emateko eskatuz, hots, Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondarea.
Jaurlaritzako teknikariek 2013ko ekainean egin zuten txostenaren arabera, Arte Ederren eraikinak Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatzeko espedientea hasteko baldintzak betetzen zituen. Urtebete geroago, Jaurlaritzak izendapen hori berretsi du.
Udal gobernua pozik agertu da erabakiarekin, eta Jaurlaritzak “zentzuz” jokatu duela adierazi du. Hori bai, babesa bermatuko lukeen dekretua egin dezan eskatu dio, oposizioak otsaileko udalbatzarrean adostutakoarekin antzokia “eraistea posible litzatekeelako”. Hain justu, otsailean Udalbatzak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezi berria onartu zuen. Onarpen horren ondorioz, Udalbatzak, udal gobernuaren irizpidearen kontra –kanpoko fatxadak eraistearen kontra azaldu baita– gaur egun Arte Ederren eraikinak duen C babes maila ematea adostu zuen. Horrek eraikinaren berreraikitzea ahalbidetzen du eta, ondorioz, bertan egin nahi duten hotelari bide ematen dio.
Egoera aldatu da orain, Jaurlaritzaren izendapenarekin. Gasteizko Gobernutik aurreratutakoaren arabera, jaurlaaritzak elkarrizketa prozesu bat abian jarriko du hiriko eragile publiko eta pribatuekin, eraikinaren etorkizuneko babesa eta erabilera bermatzeko.

Iturria: Irutxuloko Hitza

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina