2014(e)ko maiatzaren 20(a), asteartea

MUINOA, KOMENTUA ETA BAINUETXEA BABESTUKO DITU SAN BARTOLOMEKO HIRIGINTZA PROIEKTUAK


Udalaren Gobernu Batzordeak hasierako onespena emango dio ostiralean Plan Orokorraren San Bartolomeko aldaketari, muinoa, komentua eta bainuetxea babesten dituen hirigintza-eragiketa bideragarri bat ahalbidetuta.
Eragiketa hori blokeatuta zegoen 1991ko Plan Orokorra onartu zenetik. Proiektu ugari prestatu dira, baina batek ere ez zuen inguruaren ondarea babesten. Horregatik, muinoaren defendatzaileek Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten eta horrek arrazoia eman zien.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek honela hitz egin du gaiaz: “Urtetan geldirik egon den eragiketa desblokeatuta, oinarria jartzen ari gara hirian ingurune berri bat sortzeko, eta horri esker, espazio publiko bat berreskuratu ahalko da herritarrentzat, bai eta ardatz berri bat eraiki ere. Ingurunea, gainera, turismoarentzat ikono berri bat izango da. Eraldaketa handia ekarriko dio Donostiari”.
Infografia-03

Aldaketak

Plan Orokorra aldatzeko agiriak hobekuntza handiak dakarzkio San Bartolomeko inguruneari. Espazio publiko bat antolatuko da iparraldeko magalean eta San Bartolomeko goiko aldean, eta gainera, begiratoki handi bat izango du hirira irekia, baita haur-jolasen gune bat ere.
Goiko aldeko ingurunea antolatzeko orduan, erabilera publikoa bultzatuko da, eta zirkulazioaren gaineko eraginak txikiagotuko; halaber, erdiko kale bat ere sortuko da.
Bainuetxearen fatxada babestua Arroka plazara eramango da, babestearren, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezi berrian aurreikusita dagoen moduan.
Komentuaren iparraldeko hegalean hirugarren sektoreko zein ostalaritzako erabilerak ezarriko dira. Era berean, hirugarren sektoreko erabilerak handitu egingo dira; 18.175 m2 izatetik 30.969 m2 izatera igaroko dira. Iparraldeko magalean ere aurreikusita dago erabilera horiek garatzea; sigi-sagako eskailera bat egingo da, eta aisialdirako gune gisa pentsatuta dauden hainbat eskailera-buru handiri bide emango die horrek.
Aurretik aurreikusitako bizitegi-garapenak sendotuko dira, orobat; hala, 516 etxebizitza eraikiko dira, baita bide-sarbide bat ere Larramendi kaletik, igotzeko soilik, jaitsiera Aldapeta maldatik egingo baita.
San Bartolome pertsona guztientzat izango da irisgarria. Sarbidea ahalbidetzeko, igogailu bat ipiniko da egun bainuetxea dagoen eremuaren aldamenean.

Ostatu emateak

Auzoko beharrak aintzat hartuz, etxebizitza edo lokal bat beharko zuten lagunen kopurua 174koa izango zela kalkulatu zen. 25 lagun ingururi Morlanseko etxebizitzetan eman zitzaien ostatu. Lokalei dagokienez, batzuek beste lokal baten ordez ordainsari bat jasotzea erabaki zuten. Gainerakoek, 135 inguruk, auzo berriko etxebizitzak eta lokalak jasoko dituzte.
Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek eragiketa “mugarri” jo du: “Espazio publikoa berreskuratzea dakar baita lortutako emaitza bisualarekin egin ere. Aurrera egingo dugu oraindik plangintza mailan San Bartolomeren eraldaketa ahalik eta lasterren errealitate bihurtzeko”.

Iturria:  Donostia Gaur

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina