2014(e)ko maiatzaren 14(a), asteazkena

Aniztasunaren Asteburua izango da 11 Kolore Fest

Danbor martxarekin batera egitarau zabala antolatu dute maiatzaren azken astebururako EH 11 Kolorek, Gipuzkoako erregio etxeek, Parte Zaharreko ostalariek, Donostiako Piratek, 2016 egitasmoak eta Donostiako Udalak.
eh11KOLORE, aurkezpena
Aniztasunaren Asteburuan salgai izango dituzten pintxoak aurkeztu dituzte Parte Zaharreko ostalariek.(Argazkia: E. Zabala)
Donostia aukeratu du berriro ere Euskal Herria 11 Kolore mugimenduak jaia eta aldarrikapena batzeko. Izan ere, aniztasuna aldarrikatzeko iazko 11 Danbor Martxak izandako arrakasta dela eta, aurten jaia errepikatzea erabaki dute. Oraingoan, ordea, jaia hiru egunetakoa izango da, 11 Kolore Fest Aniztasunaren Asteburua izenburupean. Hala, maiatzaren azken astebururako egitarau erakargarria antolatu dute, Gipuzkoako erregio etxeen, Parte Zaharreko ostalarien, 2016 egitasmoaren, Donostiako Piraten eta Donostiako Udalaren parte hartzearekin.
Euskal Herriko biztanleen jatorri aniztasunaren inguruan hausnartu eta eztabaida sustatzeko asmoarekin jaio zen EH 11 Kolore. Hala, aniztasun horrek euskal kulturari eta euskal gizarteari ekarriko dion aberastasuna dute abiapuntu. Gizarte eragile nahiz erakunde ororen parte hartzeari irekia dago jarduera eta maiatzeko azken asteburuan egingo duten jaira gonbidatu dituzte herritar guztiak.
Danbor martxa izango da ekitaldi nagusia, iaz bezalaxe. Alderdi Ederren danborrekin elkartuko dira maiatzaren 31n, eta txupina botako du Javier Suarezek, Donostiako Errioxako Etxearen izenean. Hala, Gipuzkoako erregio etxe zaharrenari omenaldi txiki bat egin nahi diote, ehun urte bete berri baititu. Ondoren, Oreka TXak iaz propio sortutako Atanbora kantua joko dute elkarrekin partaide guztiek. Donostiako Piraten Burubeltz konpartsak animatuko du 11 Danbor Martxa, eta Erdialdeko kalaeak zeharkatuko ditu. Alderdi Ederren bukatuko dute ibilbidea, eta bertan, Lekeitioko Deabruen suzko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.
Igandean, berriz, Gipuzkoako Errejio Etxeen XXIX. Eguna izango da, Kostituzio plazan. Jai horrek ere 11 Kolore Festekin bat egingo du. Hala, gastronomia produktu anitzak dastatzeko aukera egongo da, jarriko dituzte zortzi postuetan. Gainera, Errioxa, Gaztela, Andaluzia, Extremadura, Aragoi eta Galiziako folklore taldeek desfilea egingo dute Erdialdeko kaleetan barrena, eta ondoren, emanaldiak eskainiko dituzte Konstituzio plazan.
Bestetik, Parte Zaharreko ostalariei esker, pintxo bereziak dastatzeko aukera egongo da Aniztasunaren Asteburuan, 11 Pintxo 11 Zapore jarduerari esker. Hala, larunbatean eta igandean Parte Zaharreko hamaika tabernetan beste herrialde batzuetako sukaldaritzan oinarritutako pintxoak egongo dira salgai: Txuleta (Txile), A fuego negro (Mexiko), Aitona (Galizia)…
11 KOLORE FEST, EGITARAUA:
Maiatzak 30, ostirala
  • 17:30-21:00. Kultur ekitaldiak eta haurrentzako tailerrak, Easo plazan.
Maiatzak 31, larunbata
  • Sardina Freskue haurrentzako ikuskizuna, Bulebarrean.
  • 17:30. 11 Danbor Martxa, Alderdi Ederren.
  • 20:30. Lasarte Orioako Semblante Andaluz eta Tik-Tara talde zarauztarraren musika eusko kubatarra.
Ekainak 1, igandea
  • 10:00. Errejioetako folklore taldeen desfilea. Alderdi Ederretik Konstituzio plazara.
  • 11:30-14:30 eta 18:00-21:00. Folklore taldeen emanaldiak, Konstituzio plazan.
  • Egun osoan zehar, zortzi txosna jarriko dituzte, eta bertan erregio etxeetako gastronomia produktuak salgai egongo dira, Konstituzio plazan.
Salgai egongo diren pintxoak (Maiatzak 31 eta ekainak 1):
  • TXULETA taberna. Enpanada txiletarra (Txile). Haragi xehetua, arraultza egosia, azeituna.
  • A FUEGO NEGRO. Belarri eskabetxatua mole izoztuarekin (Mexiko). basatxerri belarria, porrua, azenarioa, laurel hostoa, gatza, eskabetxea, mole sorbetea.
  • AITONA taberna. (Galizia). Olagarroa, piper gorria, piper berdea, tipula, arraultza, piperauts gozoa.
  • ORMAZABAL taberna. (Katalunia). Piperra, alberjinia potxatua eta antxoa ogi txigortuaren gainean.
  • HERRIA taberna. (Eskozia). Galeper arraultza eta garagi xehetua.
  • BELFAST irish tavern. (Irlanda). Izokin keztatua, patara, pipermina, askotariko letxugak eta morroi piperra.
  • REKALDE taberna. (Palestina). Letxuga, tomatea, alberjinia, falafela, jogurt saltsa eta menta.
  • ZERUKO taberna. (Maroko). Kuskusa eta txipiroiak tintan.
  • BORDABERRI. (Txina). Ahatea, lekak, wantuna, pontzu saltsa (soja eta zitrikoak), eta sagar purea.
  • ORDIZIA taberna. (Kolonbia). Arto irin taloa lau gaztekin eta beste arto irina haragiarekin.
  • EL QUINTO PINO. Eguberri (Errioxa). Arkume tripak errioxar erara prestaturiko patatekin.
Iturria: Irutxuloko hitza

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina